JOLASAK ELKARREKIN JOLASTEKO
Juego de cartas bilingüe
KARTA-JOKOAK:
LAPURRETARA
Zenbat karta banatu eta nola:
Jokalari bakoitzari launa karta banatuko zaizkio eta mahai gainean, kopuruak agerian dituztela, beste lau jarriko dira.
Nola jolastu:
-
Kartak banatu dituenaren eskuinetara dagoena hasiko da.
-
Kopuru bera duten kartak hartu behar dira: adibidez, lauko urrearekin lauko ezpata, edo lauko kopa, edo mahai gainean dauden lauko guztiak.
-
Irabazitako kartak pila batean jarriko ditu jokalari bakoitzak, kopurua bistan dutela.
-
Hurrengo jokalariak mahai gainean daudenetatik edo lagunek irabazitakoetatik har ditzake kartak, “lapurtuta”. Kasu horretan,gaineko karta kopuru berekoa izatea nahikoa da denak hartzeko.
-
Mahai gainean edo lagunen piletan kopuru bereko kartarik ez badago, karta bat utzi behar da mahai gainean.
-
Eskuetako lau kartak bukatzen direnean, beste launa karta banatuko dira,guztiak bukatu arte.
-
Karta gehien lortu dituena izango da irabazlea.
PUNTTUAN
Zenbat karta banatu eta nola:
Hiruna karta banatuko dira.
Nola jolastu:
-
Kartak banatu dituenaren eskuinetara dagoena hasiko da.
-
Jokalari bakoitzak berak aukeratutako karta botako du. Kopuru altuena duena bota duenak denak irabaziko ditu.
-
Eskuetako hiru kartak bukatzen direnean beste hiruna karta banatuko dira; horrela egingo da karta guztiak banatu arte.
-
Amaieran, jokalari bakoitzak lortu dituen karten kopuruak batu behar ditu. Puntu gehien lortzen duenak irabaziko du.
-
Karten balioa: sotak, zaldiak eta erregeak puntu bana balio dute; gainerako kartek kartaren zenbakiak adierazten duen kopurua balio dute, adibidez, 6ko urreak 6, bosteko kopak 5 eta abar.
-
GERRA
Zenbat karta banatu eta nola:
Karta guztiak denen artean banatuko dira.
Nola jolastu:
-
Kartak banatu dituenaren eskuinetara dagoena hasiko da.
-
Jokalari bakoitzak kartak multzo batean jarriko ditu, kopurua behera begira. Jokalari guztiek batera karta bana botako dute mahaira, multzoaren gainetik eta karta horien kopuruak agerian geldituko dira.
-
Kopuru bereko kartak bota dituzten jokalariek ”gerra” esango dute eta beren artean gerra nork irabazi erabakiko dute.
-
Oraingoan lehen utzitako kartaren gainean beste bat ahuspez jarriko dute eta, ondoren, beste bat gainean kopurua agerian duela.
-
Kartarik altuena jarri duenak mahai gaineko karta guztiak hartuko ditu.
-
Jokalari batek karta guztiak lortzen dituenean amaituko da jolasa.
GERRA BIKOITZA
Gerrako arauekin jolasten da, baina aldea hau da:
-
Jokalari bakoitzak bina karta botako ditu mahai gainera eta bien batura eginez kopuru handiena lortzen duenak irabaziko ditu nahai gaineko karta guztiak.
-
Bi jokalarik karten batura kopuru berekoa baldin badute etab atura hori mahai gaineko altuena baldin bada “gerra” esango dute, eta bien artean gerra nork irabazi erabakiko dute.
-
Oraingoan lehen utzitako bina karten gainean beste bina ahuspez jarriko dituzte eta, ondoren, beste bina gainean kopurua agerian duela.
-
Batura egin eta kopururik handiena lortzen duenak mahai gaineko karta guztiak hartuko ditu.
-
Jokalari batek karta guztiak lortzen dituenean amaituko da jolasa.
Gerra hirukoitza ere egin daiteke, hiruna karta botata, edo laukoitza edo...
HAMAR LORTU
Zenbat karta banatu eta nola:
Pokerreko kartak hartu eta batetik bederatzira bitartekoak aukeratuko ditugu eta, beraz, hogeita hamasei kartekin jolastuko dugu.
Nola jolastu:
-
Bederatzi karta jarriko ditugu mahai gainean, kopurua bistan dutela.
-
Jokalari bakoitzak hamar puntu osatzen dituen bikotea aurkitu behar du.
-
Bikote gehiago osatu ezin direnean, hutsuneak kartaz bete eta hurrengo jokalariaren txanda izango da.
-
Bikote gehien lortzen dituena izango da irabazlea.
NESKA ZAHARRA
Zenbat karta banatu eta nola:
Karta guztiak denen artean banatuko dira.
Nola jolastu:
-
Jolasaren helburua da kopuru bereko karta-bikoteak egitea. Bikotea osatutakoan mahai gainean jasoko du jokalari bakoitzak eta bikoterik ez dutenak eskuetan izango ditu, abaniko modura jarrita.
-
Jokalari batek besteari txandaka korta bat hartu behar dio, bikotea osatzeko.
-
Bateko urreari “neska zaharra” esaten zaio, ezin baita beste batekoekin elkartu.
-
Amaieran “neska zaharra” eskuetan duenak galdu egingo du.
ARRANTZAN
Zenbat karta banatu eta nola:
Bi jokalarirekin zazpina karta banatu behar dira. Hiru edo lau jokalari baldin badira, berriz, bosna karta banatu behar zaizkie.
Gainerako kartak mahai gainean jarri behar dira zabalduta, kopurua behera begira dutela. Karta horiek errekako arrainak dira.
Nola jolastu:
-
Aurrena, jokalari bakoitzak eskuetan dituen kartekin ahal dituen bikote guztiak egin behar ditu (kopuru bereko hiru karta baldin baditu bikote bat egin dezake; hirukoterik ez), eta bere aurrean jarriko ditu kopurua gora begira jarrita.
-
Jolasten hasiko da kartak banatu dituena (Uxue). Jokalari horrek nahi duen jokalariari karta bat eskatuko dio, bere karta batekin bikotea osatzeko. Honela galdetuko dio Uxuek Joni, adibidez, bosteko bikotea egin nahi badu: “Jon ba al duzu bostekorik?”
-
Jonek bosteko bat baldin badu eman egingo dio. Ez baldin badu, Uxueri erantzungo dio “Arrantza egitera!”, eta Uxuek mahai gainetik karta bat hartu beharko du. Karta berriarekin bikotea osatzen badu bere pilan jarriko du, eta galdezka jarraituko du. Bikoterik egin ezin badu hurrengo jokalariaren txanda izango da.
-
Jolasa amaituko da karta guztiak bikoteka jarrita daudenean.
-
Irabaziko du amaieran bikote gehien osatu dituenak.